AURKEZPENA

 

Oianguren BHI Ordiziako institutu publikoa da. Institutuan, DBHtik Batxilergorako ikasketak burutu daitezke. Azken honetan, modalitate hauek eskaintzen dira: zientzia eta teknologiako batxilergoa eta gizarte zientzietako batxilergoa, guztiak D ereduan (euskara hutsean).
Haur-hezkuntzako goi-mailako ziklo bat ere eskaintzen da.

 

Oianguren: iraganetik orainera

 

Ordiziak bigarren hezkuntzako institutu bat izatearen ideia 60. hamarkadan hasi zen ernatzen. Lehen proiektua udalaren eta Hezkuntza Ministerioaren lankidetzaren emaitza da. Udalak gaur egun institutua dagoen lurrak utzi ondoren 1974. urtean Manuel Encio Cortazar arkitekto donostiarrak egindako proiektua onartu zen.

Eraikinak hiruki formako oinarria du eta 521 ikasle inguru hartzen ditu. 1976-1977 ikasturtean inauguratu zen. Ordutik, jarduera akademikoa etengabea izan da. Laster institutuak ateak ireki zitueneko mende erdia beteko da. Garai hartan gaur egun bezala, inguruko herrietako ikasleak etortzen ziren institutura: Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga eta Gaintza.

1996-1997 ikasturtean, derrigorrezko bigarren hezkuntzan, Oiangurenek kalitatearen aldeko apustua egin zuen. Norabide honetan pausuak ematen hasi eta, horrela, 2000-2001 urtean haur-hezkuntzako goi-mailako heziketa-zikloa jarri zen abian. Kalitatearen inguruan egin zen lan eskergak Eusko Jaurlaritzak emandako "kalitatea irakaskuntzan" ziurtagiria lortu zuen 2004-2005 ikasturtean.

Gaur egun, institutua iraultza pedagogiko batean murgilduta dago. Gero eta proiektu gehiago egiten dira. Hala, 2020-2021 ikasturtean, eTwinning proiektuak Europan bigarren saria lortu zuen "Breaking news: listen to my radio" proiektuarekin. eTwinning ekimenaz gain, institutua STEAM esperientzian murgilduta dago (science, technology, engineering, arts, mathematics), gure gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak inspiratzea helburu duena. PBL (Project Based Learning) proiektuaren helburua ikusi eta erakutsi daitekeen "azken produktu" bat sortzea da. Azken lan hori gure ikasleen lanaren ondorioz sorturikoa da bertan inbertitutako denbora eta esfortzua islatzen dituena. Oiangurengo ahotsak, irakurle finaren txokoa eta hizkuntzen tratamendu integrala bezalako ekimenek osatzen dute modernizatu den eta gaur egungo garaietara egokitu den gure eskaintza akademikoaren oinarria. Ildo honetatik, digitalizazioak gero eta pisu handiagoa du gure zentroan. "Sare Hezkuntza" proiektuarekin, ikasle eta irakasle bakoitzak bere Chromebook propioa du, gelan planteatzen diren jarduerak eta ekoizpen ezberdinak aurrera eramateko.